berria
Azpeitia, Atxondo, Otxandio, Mallabia eta Areso dagoeneko Uemako kide dira ofizialki
Euskara nagusi izango den lurraldea aldarrikatzen ari dira gaur Azpeitian, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen egunean.

Ueman sartu diren udaletako ordezkariak eta mankomunitateko arduradunak gaur, Azpeitiko udaletxean, batzarraren ondoren. / Urola Kostako Hitza
Uema (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) Eguna ospatzen ari dira gaur goizetik Azpeitian (Gipuzkoa), Sustraiak galtzen ez utzi, euskarari eutsi lelopean, eta udaletxean hamarretan hasita egin duten batzarrean ofizialki onartu dituzte Uemako kide bezala, Azpeitia ez ezik, Atxondo, Otxandio eta Mallabia (Bizkaia) eta Areso (Nafarroa).
Egun guztiko jaia dute antolatua, eta euskara nagusi izango den lurraldearen alde ari dira egiten. "Euskarak, biziko bada, erdarek bezala, nagusi izango den gunea behar du", dio Jon Bollar Uemako lehendakariak. "Gutxieneko lurralde horretan euskaraz arlo guztietan jardun ahal izateko laguntza eta bermea eskaintzea da erronka".
Herri ekimenak 1991. urtean sortu zuen Uema, eta oraindik arazoak dituztela dio Bollarrek: "17 urteko lanaren ondoren, Uemarenganako susmoak ez dira desagertu". Arazoak arazo, Uemak bere autonomiari eutsiko diola nabarmendu zuen.

Zabaldu
del.icio.us